XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Behatzen mugimenduak seguruak ziren, baina erabat delikatuak.

Dinamita -bi zatitan banatu zuena- segurutzat zeukan, eta han zuen puska ez zen ia batere arriskutsua (erabiltzeko ohitura duen pertsona batendako), ezta lehertu ezkero ere.

Ez, dinamita segurua zen, erabilterreza, kolpeak eta gainerakoekin oso jasankorra.

Arriskua perkutore beltz ttiki eta polit hartan zetzan, ekintza ordua iristean erabili beharko zuena.

Perkutore-buru haiek pastila baten tamainakoak ziren eta beti emaitza onak izaten zituzten.

Eta hain ttikia izanik ere, haietako batek nahiko indarra zuen gizaseme baten eskua errotik ateratzeko.

Lana akitutakoan Doc betea sentitu zen, kontent horrelako lanik ez zuelakoz berriz ere egin beharko.

Lehergailuak prestatuak ere erosten ahal ziren, noski, baina Doc ez zen fidatzen lehergailu haien banatzaileekin.

Hitz egiten ahal zuten; gainera, produkturik hoberenak hornitzeko ardurarik ez zuten: ezin aproposagorik erostunari kaltegarri suertatzeko.

Docek paperontzian utzi zituen lehergailuak eta erabilitako egunkaria, zimurtu ondotik, gainean paratu zuen.

Komunean eskuak garbitu eta atorraren mankak eskumuturretaraino beheititu zituen.

Ageriko arrazoirik gabe suspiriatu egin zuen.

Hau baino lan zailagoak egina zen, baina geroko arrakastarako lan hau bezain garrantzitsurik ez.

Hark egindako guzia gisa berekoa zen.

Hark eta Carolek egindako guzia.